Jacques Bernard "Jacky" Ickx (Brusela, 1945eko urtarrilaren 1a) belgikar auto-gidari ohia da. Motoziklismoko gidari gisa hasi zuen karrera. Hiru aldiz izan zen moto-kroseko Belgikako txapeldun. 1964an, 2 Formulara pasatu zen (1967an, Europako txapeldun izan zen), eta, aldi berean, turismoen kategorian ere lehiatu zen (Belgikako txapeldun izan zen 1965ean). 1967an, 1 Formulako Ferrari taldean sartu zen, eta 1968an irabazi zuen lehenengo lasterketa: Frantziako Sari Nagusia. Hurrengo urtean, munduko txapeldunorde izan zen Brabham-Ford taldearekin. 1970ean, Ferrari taldera itzuli zen, eta berriz ere txapeldunorde gelditu zen. 1976an, Watkins Glennen izan zuen istripu larriaren ondorioz, 1 Formula utzi eta beste era bateko lehiaketetan parte hartzen hasi zen: sei aldiz izan zen txapeldun Le Manseko 24 Orduetan (1969, 1975, 1976, 1977, 1981 eta 1982), eta, Porsche 856 batekin, beste bi aldiz Munduko Iraupen Txapelketan (1982 eta 1983).
Erreferentziak
Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jacky Ickx