Ceferina Fontellas

Ceferina Fontellas

Bizitza
JaiotzaBeuntza, 1930
Herrialdea Espainia
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaIruñea, 2015eko iraila (84/85 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakliburu-saltzailea

Ceferina Fontellas Campezo (Beuntza, Nafarroa Garaia, 1930 – Iruñea, Nafarroa Garaia, 2015eko iraila) euskararen aldeko ekintzailea izan zen. 1950etik aurrera, Iruñean euskaldunen erreferentzia izan zen Abarzuza liburu-dendaren gidari izan zen.

Bizitza

Lehenbiziko urteak

Ceferina Fontellas Iruñeko Umezurztegian sortu, eta Beuntzan hazi zen, zazpi anai arrebekin batera. Ama Arraratsekoa zuen, eta aita Beuntzakoa, biak euskaldunak. Txikitatik lan gogorretan aritua —aita ikazkinarekin, kasu—, Montxo Armendarizen Carboneros de Navarra («Nafarroako ikazkinak») dokumentalean euskaraz mintzatu zen ikazkin lanei buruz.

Iruñera bizi izatera

Hamabi urterekin Iruñera joan zen neskame lan egitera. Euskaldun hutsa izateagatik bere burua baztertua ikusi zuelarik, han ikasi zuen gaztelania. Hala ere, euskara ahal zuen guztietan erabiltzen jarraitu zuen: Iruñeko autobus-geltokira joan ohi zen, Beuntzako bidaiariekin euskaraz aritzera.

Udal-atezain Andrés Abárzuza alargunaren etxean zerbitzari ari zela, Victor Abarzuza semearekin ezkondu zen. Kale Nagusian bizi izan zen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Oso gazte alargun geratu zelarik, askotariko lanak egin zituen familia aurrera ateratzeko.[1][2]

Victorrek ireki zuen, Iruñeko Alde Zaharrean, Abarzuza liburu-denda.[3]

Liburu-saltzailea

Ceferina erretiratzean, haren alaba Martzelak hartu zuen Abarzuza liburu-dendaren ardura. Irudian, Martzela eta Abarzuza liburu-denda.

1950etik aurrera, Abarzuza liburu-dendaren arduraduna izan zen. Euskara hedatu nahian, euskal liburuak saltzen zituen, diktadura garaiko debekuak eta mehatxuen gainetik. Ikastoletan erabilitako Saioka liburuak saltzen lehena izan zen, inolako irabazirik gabe. Denda topagune bihurtu zen intelektual eta euskaltzaleentzat Nafarroan, eta bertara joaten ziren adibidez Patxi Larrainzar, Jose Maria Satrustegi, Miguel Sánchez-Ostiz eta Aita Damaso Inza. Ceferinak erretiroa hartuta, alaba Martzelak hartu zuen Santo Domingo kaleko liburu-dendaren ardura.[4][3][5]

Errekonozimenduak

  • 2019ko abenduan Iruñeko Kondestablearen jauregian Hemen baditun 14 erakusketan omendu zuten, XX. mendean zehar euskararen sustapen eta normalizazioaren alde arituriko emakumeak omentzeko erakusketa.[6][7][8]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Una exposición homenajea en Condestable a 14 mujeres que han trabajado a favor del euskera durante el siglo XX -. 2019-12-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  2. Ze berri? Aldizkaria, 140 (2019)
  3. a b «Gaiak: Ceferina Fontellas» Euskonews Gaztea 409 2007-09-28 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  4. «Martzela Abarzuza. Liburuak eta bezeroak maite dituen saltzaile irribarretsua: "Durango efektuaren ondorioz liburu on batzuk oharkabean pasatzen dira"» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  5. (Gaztelaniaz) «Marcela Abarzuza. Librería Abarzuza, desde 1950: "El intercambio de libros nos daba vida"» Diario de Navarra 2009-02-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  6. Las navarras que trabajaron por el euskera salen del anonimato. EITB, 2019.
  7. «Hemen baditun 14 – Aquí ya 14 erakusketak omenaldia eginen die XX. mendean euskararen alde aritu ziren 14 emakumeri, Kondestablen, abenduaren 10etik 20ra | Ayuntamiento de Pamplona» www.pamplona.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
  8. (Gaztelaniaz) Navarra, Diario de. (2019-12-10). «Una exposición en Condestable homenajea a 14 mujeres que trabajaron por el euskera durante el siglo XX» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).

Kanpo estekak

  • Los Abarzuza. Tk aldizkaria, ASNABI-Nafarroako liburzainen elkartea, 2013, abarzuza.com
  • Ceferina Fontellas, animaeuskera.eus
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q90675956
  • Wd Datuak: Q90675956